3- Francoren heriotzaren ondotik: zaharra nola berritu edo berria nola sortu, hortxe koxka
3-b. Une batez ezpatak zutik. XXVII. biltzarra.
Franco hil ondorengo aurreneko biltzarra 1976ko abenduan burutu zen, PSOEren XXVII. Alderdi Sozialistaren biltzar honek aparteko garrantzia du batetik Francoren heriotzak bide eman zion bilakaera guztiaren testuinguruan PSOEren kokapen politikoa zehaztuko duelako militante guztien partehartzearekin, eta bestetik hilabete pare bat lehenago Suarezek aurrera ateratako "Erreformaren legeari" Alderdi Sozialista alternatiba mahaigaineratzeko beharrean aurkitzen delako, jarrera zehatza hartu beharrean aurkitzen dela alegia, eta honek ehin haundi batean zeozer proposatzera bultzatzen ditu.
Lehenago ere esan dugu nola 1974ko urrian bildu zela azkenezkoz PSOEren egitura gorena eta harrez geroztik alderdiaren zuzendaritzaren esku geratu zela egunerokoari erantzuteko erronka, "beti ere biltzarreko erabakitan oinarrituta...." Alta, denbora tarte honetan emandako gertaera izugarri garrantzitsuen harian (Francoren heriotza, Gobernu krisiak, oposizioko taldeekin estrategia komunak, erregimenaren bilakaera-moldaketa hitzarteko elkarrizketak Gobernuarekin, Erreforma legea, erreferenduma....) Alderdi Sozialistak egindako bidea azken biltzarrean hartutako zenbait erabakirekin ezkontzeko ageriko zailtasunak daude, kontraesan nabarmenak ez izatekotan noski. Hortaz, zalantza da ea gertaera hauen guztien aurrean PSOEk "ofizialki" azaldutako jarrera zein neurritaraino den biltzarreko erabakien garapena edo alderdiaren norabide politikoaren aldaketa, edo zein neurritan den alderdikideen pentsakeraren islada. Batera zein bestera izan, XXVII. biltzarrak parada egokia eskaintzen du alderdiaren irizpideak argitzeko. Gainera ez dugu ahaztu behar 1972tik PSOE "ofizialetik" kanpo ziren "PSOE-historikoen" gehienek bat egin zutela berriro alderdiarekin XXVII. biltzarraren bezperetan.
Baina PSOEkoek lerro politikoa kokatzeko baino zerbait gehiagorako nahi zuten XXVII. biltzarra. II. Errepublikaren garaitik Estatu Espainiarrean aurrenekoz ospatzen zen biltzarrari, artean oraindik PSOE legeztatu gabe zela, bedeinkapen guztiak atxeki zizkioten printzipioz alderdiaren barne ekitaldia zena PSOEren gizartearen aurreko aurkezpen publikoan bihurtzeko. Ez nolanahiko aurkezpena ordea, PSOEk izen ona eman nahi zion alderdiari, arduratsua, epe labur-ertainean Estatuaren kudeaketa eskuratzeko gai zela isladatu eta Estatuaren aurrean indarra irudikatu nahi zuen. Hori dela eta, Europaren aldean azterapen-isolamendu konplexuan bizi zen Estatu Espainiarreko gizartearen aurrean, legez kanpoko "tolerantzia hitzartuan" ziharduen PSOEk Europako buruzagi sozialista garrantzitsuenak elkarri zituen (72) biltzarrera komunikabideen arreta areagotu eta aipatu irudikapen guztiak indartzeko. Era berean, nazioarteko komunikabideek egindako jarraipenarekin eta Felipe Gonzalezen etengabeko proiekzioarekin eskenografia oso bat prestatu zuten biltzarra oholtzaren gainean aurkeztu aurretik, aurkeztu bitartean zein aurkeztu ondoren.
Edukiei dagokienez berriz, PSOEren Batzorde Eragilearen txostena izan asmo zuen biltzarraren ardatza. Horretarako, aldez aurretik zabaldu zen kide sozialisten artean azken hauei denbora emanez zuzenketak edo bestelako proposamenak aurkezteko. Baztorde Eragilearen txostenak berretsiko du PSOEk ez duela erregimenaren moldaketarik onartzen, erabateko haustura dela haien egitasmoa. Horrek zuzen zuzenan lotzen du bai aurreko biltzarreko proposamenarekin, bai Suarezek "Erreformaren legearen" inguruan deitu erreferendumaren aurrean PSOEk abstentzioaren alde egin zuen deialdiarekin. Orduan PSOEk azpimarratu zuen bozka emateko aukera huts hutsa ez zela aski estatuaren izaera demokratikoa bermatzeko eta beste zeinbait baldintza ezinbestekoak zirela irizten zion, hala nola alderdi guztien legeztapena, indar errepresiboen deuseztapena, erabateko amnistia, iharduera sindikal askea eta lurralde antolaketaren arazoari irtenbidea ematea. Alderdi Sozialistaren Batzorde Eragileak beste kutsu bat agertzen du mintegian aurkeztu txostenean, hots, moldaketarik ez, haustura da proposamena, eta estrategikoki delako haustura horren edukinen gauzapena transizio epe baten helmugan kokatzen dute, baina.... zeintzu dira zorioneko helburu horiek?, zertan datza "haustura demokratikoa"?. PSOEren buruzagien txostenaren arabera etengabeko mobilizazioa ezinbestekoa den bezala, balizko negoziaziotan (eta eman ematen ari dira) haustura demokratikoaren mugarriak ez daude inolaz ere auzitan. Lehenago esan dugunari jarraiki, negoziazio mahai gainean epeak zein hausturaren metodologia leudeke. Edukinei dagokienez berriz, biltzarreko txostenak PSOEren Batzorde Nazionalak 1976ko uztailaren 10ean hartutako ebazpena jasotzen du, non zehazten den: "haustura demokratikoak esan nahi du herriak askatasunez aukeratutako batzar konstituziogilea osatzea, joera demokratiko guztiek, salbuespenik gabe, parte hartzeko aukera izango duten hauteskundeen bidez". Gauzak horrela esanda ulertu behar da PSOEren Batzorde Eragileak atzera egitea proposatzen diola biltzarrari, "haustura demokratikoaren" betiko formulazioa dexente murriztu baitu (1972ko biltzarrean onartu, 1974koan berretsi eta "El Socialista" aldizkarian, alderdien agiritan edo buruzagien hitzalditan hainbat alditan kaleratutakoa). Jada, "haustura demokratikoa" eman dadin sozialisten Batzorde Eragilearentzat ez da ezinbestekoa izango indar errepresiboen deuseztapena, aparato frankistaren likidazioa, erabateko amnistia, nazionalitateen autodeterminazio eskubidearen onarpena....
Argi dago non den koxka, zera, aldez aurretik mozten denak ez duela gero mozteko premiarik. Hots, negoziazio mahaian bai ez direla murriztuko "haustura demokratikoaren" edukinak, beste gauza batzuen artean hara iritsi aurretik PSOEren Baztorde Eragileak berak moztu dituelako "ezinbesteko baldintzak" eta kanpoan geratu dira aurreko parrafoan aipatutakoak. 1974ko biltzarretik egindako bideari erreparatuta, Alderdi Sozialistaren zuzendaritzak mutazioaren hirugarren fasean sartu du "haustura demokratikoa" kontzeptua. Aurreneko fasean PSOEk ezinbesteko jotzen zuen "haustura demokratikoaren" edukin guztiak gauzatzea (baldintza politikoak: amnistia, indar errepresiboen deuseztapena..., zein askatasun demokratikoak: alderdi politikoen legeztapena, gizabanakoaren askatasunak, autodeterminazio eskubidea...) demokrazia erdiesteko eta erregimenaren jarraipena-moldaketa bidera zezakeen edozein jarduera errefusatzen zuen itzalpeko hitzarmenak kritikatuz. Bigarren fasean haustura ez da izango epe konstituziogilearen ezinbesteko oinarria, negoziazioaren bidez (erregimenarekin negoziatuz noski) lortuko den emaitza baizik eta horrek edukinetan inongo eraginik izango ez duela esan arren, aurreko irizpideen gardentasuna galtzen da. Hirugarren fasean azkenik, "alderdi guztiek parte hartuko duten hausteskunde askeak" ospatzea da kaskalaldiaren ondotik PSOEko buruzagientzat negoziezina den edukin bakarra. Hausturaren hitza da dirauena, gehi eskaera guztien arrasto bakarra, ez besterik. Eta PSOEko buruzagiek paparra puztuta agintzen dute negoziazioek ez dutela eraginik izango edukinetan. Ez, negoziazioek agian ez, baina bai buruzagiek edo beste zerbaitek.
Antzeko koherentzia lerroarekin epaituko du PSOEren Batzorde Eragileak oposizioko taldeekin jorratutako elkarlana. Biltzarrean aurkeztu txostenaren "Oposizioarekiko harremanak" sailean adierazten dute "Junta Demokratikoak (komunisten ingurukoak biltzen zituen taldea) arazo nazionalaren inguruan egindako adierazpen zehazgabeak sakonki argitzea lortu dugu", "zehaztasun eza larria" omen zelako eta aurreraxeago Koordinazio Demokratikoaz ari direlarik, pozik azaltzen dira "alderdiaren irizpideak batasun gunera eraman" direlako. Beraz, aurreko atal batean aztertzen genuen kontzeptuen esanahi anitzari "argipen sakona" irizten diote PSOEko buruzagiek eta "haustura demokratikoaren" inguruan eman den aldaketa orokorrean arrazoitzeko ezin izango dute itsipen zantzua ekidin esanez konbentzituta zeudela "oposizioak baldintzatzeko indarra izan arren, hau ez dela erabakiorra....", hortaz, erregimenaren berezko aldaketarik emango ez zela aurreikusiz, negoziatu beharra hobetsi aurrerago hausturaren edukinak onartzen ez zituztenei inongo sustengurik ukatuko zitzaiela agindutako lekuan. Edukinak, ezinbesteko oinarriak, sekula santak eta bestelakoak, zorionekoak denak orainean, geroan gerokoak baitira.
Orain artekoak balantze atalari dagozkio. Hala eta guztiz ere, ezin uka Estatuaren lurralde antolaketaren inguruan PSOEren Batzorde Iraunkorrak proposamen argiagoa azaltzen diola XXVII. biltzarrari. Alderdi Sozialisten buruek aurkeztu zuen "Transizio Egitarauan" Estatuaren antolaketa federala jasotzen du eta gero, udalen egituraketa zehazterakoan aipatu federalismoaren izaeraz nabardura esaguratsua gehituko du: "Estatu federatuek gutun erregimena aitortuko diote udal bakoitzari (...)". Bego, PSOEko buruzagien irizpideen arabera estatu federatuek osatuko dute antolaketa orokorra.
"Estatu Espainiarreko nazionalitate eta lurraldeen" atalean Batzorde Eragileak sakontasun gehiagoz azaltzen du gaia. Lehenengo gauza, loreak euren buruari "herri desberdinduen birsorkundean" sozialistek izan duten eragina goraipatuz. Txostenak ibilbide historikoa orrazten du eta gogora ekarri 1896an (Internazionalaren IV. Biltzarra) zein 1918an (alderdiaren XI. biltzarra) PSOEek autodeterminazioaren alde onartutako ebazpenak. Historiatik aterata, egunerokoari helduz PSOEren Iraunkorraren idazkiak "autonomi eskaera zilegiez" mintzatuko da, eta ez bakarrik zilegi, delako aldarrikapenak "gerorako utzi behar izan gabe" indar metaketarako onuragarriak direla erantsiko du. Klase borrokaren ikuspeki marxista oinarri hartuta, PSOEren buruzagitzak erantsiko du "herri langilearen askapenerako ezinbestekoa, lehentasunezkoa" dela autodeterminazioaren aldeko ihardunbidea. Aipatu eskaerek lehentasuna izango dute, "sustatu eta bultzatu" beharko dira eta "autodeterminazio eskubidea berdintasun oinarrian gauzatzea" proposatzen du.
Sarrera guztiaren ondotik, txostenak hiru "oinarrizko irizpidetan" laburtzen du gaiaren inguruko proposamen-erabakia: bata, errepublika federalaren aldarrikapena. Bi, autodeterminazio eskubidea onartzen duen konstituzio federala. Eta hiru, autonomi estatutoen gauzapena Konstituzioa eta autodeterminazio eskubidea kaltetu gabe. Zehaztapen bat gehiago, "Izaera instituzionala" izenburupeko azpi-atalean diotenez lurralde antolaketaren oinarrian "elkarte politiko burujabeak daude", gardenago haizea.
Baina iritsi da bainen txanda, zeren gauza bat da irizpide argiak ematea eta beste bat irizpide horienganako lehialtasunari eustea, oso bestelakoa ikusiko dugunez. Estatu barruko nazionalitateen autodeterminazio eskubidearen alde on guztiak errepasatu eta gero: klase borroka, langileriaren askapena, aldarrikapen zilegia, ezinbestekoa.... ezinarekin egingo du topo Batzorde Eragilearen txostenak, "ezin izango dugu hitz egin estatu batzuek osatutako nazioari buruz". Justu zenbait lerro aurrerago esandakoaren ukapen borobila, eta borobila borobiltzeko arrazoia "eztabaidagarria izateaz gain, erabateko aurkakotasuna sortzen du sektore garrantzitsutan". Akabo zilegitasuna, klase borroka, estatu federala eta enparauak, "lurralde hitza da konstituzioaren idazkeran sar liteken bakarra". Nazionalitateen autodeterminazio eskubidea goratu eta bere gauzapenerako irizpide zehatzak ezarri arren, PSOEren Batzorde Eragileak "ezina" aipatu eta esandako guztiak irenstea proposatzen du, jakin gabe "ezina" hori, ezin demokratikoa, ezin pragmatikoa, ezin taktikoa, ezin faxista, ezin behin behinekoa edo zein ezin arraio ote den. Ezin, eta somatzeko moduko arrazoia lehen ere iragarrita zuten beldurra: "zenbait sektoreen erabateko aurkakotasuna", militarrak eta 1936ko garaile faxisten oinordekoak. PSOEko buruzagientzat oinarrizko irizpideei uko egiteko aski arrazoi. Men egitea da XXVII. biltzarrari proposatzen diotena. Esan bai, autodeterminazioa bidezko eskubidea dela, baina gero gauzatu ez.
Tamainako tupusteak bigarren, hirugarren edo laugarren mailara atzeratzen ditu aurki ditzakegun bestelako kontraesanak, eta egon badude. Estatuaren egituraketa ekonomikoa aipatzerakoan Batzorde Eragilearen txostenak zertzelada nagusiak baino ez ditu ematen, baina denak kutsu zentralista dutenak, Boyerrek Udako Eskolan botatakoen soka berekoak. Eta inork ahaztu izan balu "ezina" dela zilegi zein bidezko aldarrikapenen muga, "Justizia" atalean berresten dute "Justiziak bermatuko duela nazionalitate eta lurraldeen autonomia, Estatu Espainiarraren batasunean, herri espainiarrek erakutsitako borondatearen arabera". Gaztelerazko testu originalaren azterketa gramatikal zorrotz-bihurriena gora behera, alde semantikoak ez du ondoriotan okertzeko aukera larregirik ematen. Autonomia baina Estatuaren batasunaren barruan, eta herri espainiarrek borondatea ere bai, Estatu Espainiarraren batasunaren barruan. Delako "herri" horien izaera edo eskubideak izango direnak izango dira baina ez galdu gero!, "adierazitako borondatearen arabera" ere Estatuaren batasunaren barruan beharko dute, eta kanpora joateko borondaterik badago.... ezin, "ezina" muga, ez herrien askatasuna.
3-b-1. Ezinen gainetik, militanteak autodeterminazioaren alde, argi eta garbi.
PSOEren buruzagitzak baino jarrera askoz argiagoa erakutsi zuen militantziak Estatuaren lurralde antolaketaren inguruan. Nonbait, Alderdi Sozialistak azken hilabetetan garatu zuen diskurtso politiko kontraesankor-berazkiloak kezka bizia eragin zuen alderdikideengan eta hauek autodeterminazioaren aldeko jarrera zorrotza berresten zuten hainbat enmendakin aurkeztu zituzten. Zehatzago izateko, orohar PSOEren zuzendaritzaren lerro politiko epela zuzendu zuen XXVII. biltzarrak, PSOEren izaera ezkertiar iraultzailea-hausturazalea berreskuratu zuen bi urte lehenagoko biltzarretik abiatutako ibilbilbide ideologikoari luzapena emanez. Alderdi Sozialistaren Baztorde Eragilearen zein Batzorde Nazionalaren norabide politikoan 1976ko urte hasieratik nabariak ziren oinarrien horitze, kontraesan, esangura anitz eta lehentasunen berrikuspenen aldean, XXVII. biltzarra estuki lotzen zaio "haustura demokratikoaren" ezinbesteko edukin guztiei zein iraultza sozialistaren asmoari. Aipamen labur hau eginda, lurralde antolaketari lotuko gatzaio PSOEren diskurtso ezkertiarraren garapena ez baita lan honen ardatza.
Bai Alderdi Sozialistaren zuzendaritzak bai federazio desberdinek Estatuaren lurralde antolaketari eskaintzen dioten arretak ("haustura demokratikoaren" edukinetatik hasi eta ponentzitan amaitu, Udako Eskolako gaiak, gai honek sortzen dien "beldurra", biltzarretako atal bereziak edo agiri ofizialetan etengabe egindako aipamenak) erakusten du zein garrantzitsua zen gaia. Ez da gutxiagorako, zegoeneko erregimenak bere moldaketa egitasmoa abian jarria zuen erreferendumarekin eta orain, berrogei urteko itxaronaldiaren ondotik, epealdi araugilea zabaltzear zegoela, PSOErena zen txanda, Estatuaren egituraketarako alternatiba aurkezteko ordua biltzarrean, eta bedeinkapen guztiekin. Demokrazia nahi, hala izan zedin, demokraziaren jabe nor zen zehaztea ez zen asmo ustela.
Ponentzien mamiari ekin baino lehen hasi zen ezkutuko ezpatadantza. PSOEko buruzagiek alderdiaren estatutoak eztabaidatu-erabaki nahi zituzten lehenengo baina beste militante batzuek ezetz, Biltzarrak erabakitako gai ordenean "nazionalitateen" atala azaltzen zela aurretik eta hala behar zuela. Baina eztabaidaren gakoa ez zetzan sailkapen lehian, ezta gutxiagorik ere. Nazionalitaten inguruko ponentziak aurretik eztabaidatuz gero, erabakiak alderdiaren estatutoak baldintzatzen zituen (alderdiaren antolaketa federala Estatuaren lurralde egituraketarekin parekatua edo ez...), eta alderantziz berdin. Batzuek zein besteek ez zutenez eztabaidan nolanahi amore emateko asmorik, giroa mikaztu zen eta alde bakoitzak bere baliabide guztiak agortu arte ez zen erabakirik izan. Fotokopiagailuak matxuratu ziren aitzakia erabiliz nazionalitateei buruzko txostena prestatzeke zegoela argudiatzea izan zen PSOEren buruzagien azken kartutxoa. Madrilgo federaziokoek sutan erantzun zuten esanez ea nork zuen pisu gehiago, biltzarraren erabaki burujabeak edo fotokopiagailuek, "edo fotokopiagailuak kontrolatzen zituenak". Izena aipatu gabe dena esanda zegoen, Alfonso Guerra baitzen fotokopiagailuen arduraduna. Bertan zartatu zen eztabaida, minutu gutxiren buruan testuak banandu eta nazionalitateen ponentziak eztabaidatzeari ekin zioten.
Bai atal orokorrean, bai nazionalitateen atalean federazioek aurkeztu proposamenak zehaztapen desberdinekin baina beti ere Estatu barruko herrien autodeterminazio eskubidea onartzearen aldekoak dira salbuespen bat izan ezik: Utrecht-eko federazioak aurkeztutakoa. Utrecht-ekoek bereziki kezkatuta agertzen dira Estatuko ia lurralde guztietan indarra hartu duelako autonomiaren aldarrikapena, hainbeste ezen "arazo hau molde irrazionalak hartzera ere iritsi da". Arrazoizko senak bestela agintzen die, "egungo baldintzak ez dira egokiak autonomia eskaera asetuko duten Estatuaren erakundeen moldaketak aintzat hartzeko". Aldarrikapen irrazionalen aldean arrazoia goraipatu, Utrecht-eko federaziokoentzat ordea beldurra da arrazoi arrazoizkoena, zehatzako esanda sosegu otzana aholkatzeko neurria. Izan ere delako aldarrikapenek ez dute lekurik, ez zilegiak ez direlako, "Gobernuaren zein Ejerzitoaren sektore liberalenak erradikalizatuko lituzkeenez, desabantailan utziko gintuzkeelako" baizik. Eta liberalenak erradikalizatuz gero.... atera kontuak besteak. Kontuak eginda: "badakigu zein puntutarainoko sentiberak diren arazo honekin oraindik boterea eskutan dutenek". Halakoen aurrean, Utrechtekoentzat beldurra askatasuna baino arrazoizkoagoa. Pragmatismoa lehenengo, egonkortasuna, autodeterminazioa gerorako, aipatu eskubidea gauzatzeko moduko "benetako demokrazia erdiesten denean", orduan bai. Beraz, Estatu barruko herrien burujabetzak ez du zilegitasun demokratikorik galduko, aitzitik benetako demokraziak ahalbideratuko du bere gauzapena. Demokraziaren edukien arraultz-oiloaren ezbaiak ez du zirrikiturik ordea. "Haustura demokratikoaren" dotrina lekutan utzita (edo azken kudeatzaileen musikari jarraiki?), aurreneko beldurraren arrazoiari kasu, gero gerokoak.
Erregimenaren aginte makila zein esku sentiberetan pausatzen zen ikusita ere, federazio gehienek herrien autodeterminazio eskubideari eusten diote irmotasunez, berrogei urteko diktaduratik atera aurretik faxismora itzultzeko keinua luzatzen zuen erregimenaren txantaiaren aurrean amore eman gabe. Arabako federazioaren proposamenak "haustura demokratikoaren" edukin guztiak bildu eta sakontzen ditu. Lurralde antolaketari dagokionez, zera da proposamena: "PSOEk beti borrokatuko du ondoko egitarauaren askatasunen alde: amnistia (...), indar errepresiboen desegitea (....) oinarrizko eskubideen onarpena", hauen barruan sartzen dituelarik "alderdien askatasuna, salbuespenik gabe, askatasun sindikala, adierazpen zein elkartze askatasuna, manifestazio eta greba eskubidea, autodeterminazio eskubidearen onarpena Estatu Espainiarreko nazionalitate guztiendako". Estatu demokratiko batean ezinbestekoak, oinarri oinarrizkoak diren eskubide zein askatasunen erdi erdian kokatzen du berriro autodeterminazio eskubidea.
Bruselako federazioaren proposamenak adierazten du uzkur zirela PSOEren buruzagien ihardueraren aurrean eta XIII. biltzarreko (1974koa) ebazpen politikoa bere osotasunean (autodeterminazioa, haustura demokratikoa....) berrestea proposatzen dute ohartaraziz gainera erabaki haiek guztiak "osotasun bat" direla, hots, ez dagoela lehentasunen sailkapen edo bestelako zatiketarako tarterik. Lerro bereari jarraiki, oposizioko beste talde batzuekin jorratzen duten elkarlan konpromezuari haustura demokratikoa emango den unea arte eusteko borondatea agertzen dute, behin Estatuaren ainarri demokratikoak finkatuz gero (hausturaren "osotasunaren arabera") PSOEk sozialismoaren eraikuntzari emango lioke lehentasuna, baina hori bai, demokrazia aurreneko, beste gauza batzuen artean autodeterminazio eskubidearen onarpena barne duela. Bien bitartean "PSOEk Gobernuaren transizio ekimenetan ez murgiltzea eta eskurik ez hartzea" eskatzen dute.
Antzeko hitzak erabiltzen ditu Galizako federazioak "askatasun demokratiko" guztien aldeko borrokari lotu eta erregimenaren moldaketa bidera zezakeen edozein hitzarmen errefusatzeko. Estatuaren lurralde antolaketan "PSOEk azken biltzarrean nazionalitateen inguruan hartutako ebazpena berretsi eta haien autodeterminazio eskubidea onartzen du irtenbide federala proposatuz", da hitzez hitz plazaratzen dutena.
Autodeterminazio eskubidea Estatuaren oinarri demokratiko ezinbestekoen artean kokatzen du Logroñoko federazioak ere. "PSOEk, berriro, demokrazioaren alde garatutako borrokan jarraitzeko premia berresten du" eta prest azaltzen da bat egiteko "ondoko helburuak onartzen dituztenekin: preso politiko eta sindikalen askatasuna (...), indar errepresiboen deuseztapena (....), askatasun sindikala, adierazpen askatasuna (...) hauteskunde askeen deialdia (...) Estatu Espainiarreko nazionalitate guztien autodeterminazio eskubidearen onarpena, (....)". Logroñoko federazioaren arabera askatasun hauek guztiak eskuratzea izango da sozialismoaren eraikuntzarako abiapuntua eta era berean "gizarte sozialistak borobildu eta sakonduko ditu".
Nafarroako taldeak aurkeztu txostenak azpimarratuko du "epe konstituziogilean beharrezkoak direla zenbait askatasun", aurreko paragrafotan aipatu direnak eta hauen artean "autodeterminazio askatasuna". Gehi autodeterminazioari buruzko eranskina: "edozein egoera demokratikotan eska daitekeen gutxienekoa da, horregatik ez dugu sartzen transizio egitarauan". Hauentzat hain da nabarmena Estatu barruko herrien autodeterminazio eskubidearen izaera ezen epe konstituziogilean bertan onartu behar denez, ez dute ikusten beharrezkoa denik transizioaren egitarau zehatzean sartzea, besteak beste ordurako bermatua egongo delako nonbait, gainontzeko oinarrizko askatasunak bezalaxe. Aginte makila eskuz aldatu aurretik gauzak argi.
Parisko federazioak aurrekoen lepotik buru egiten du. PSOEren XIII. biltzarreko erabakiak berrestearen alde azaltzen da, "haustura demokratikoa" du helburu gero "herriaren borondatean oinarrituko den Estatu eta Gobernura iristeko" eta "nazionalitate guztien onarpena" ezin dela negoziatu azpimarratzen du. "Nazionalitate guztien onarpenak", huts hutsean, bestelako irakurketetarako aukera eman zezakeen baina XIII. biltzarreko erabakien berrespenaren eta "haustura demokratikoaren" testuinguruan kokaturik ez.
St.. Jean de Valderisles-eko federazioarentzat berriz, autodeterminazio eskubidea oinarri demokratikoa ez ezik, PSOE alderdiaren ikur bereizletako bat ere izan behar du, hots, "autodeterminazio eskubidea bereziki babesten duen indar gisa aurkeztuko da alderdia Espainiako herriaren aurrean". Bizkaitarrek bi ardatz egokituko dizkiote egoera demokratikoa erdiesteko ezinbestekoa deritzoten hausturari (demokratikoa hau ere), "askatasun sindikala, indar errepresiboen deuseztapena (...)" batetik, "autodeterminazio eskubidearen onarpena" bestetik.
PSOEren XXVII. biltzarraren plenoak onartu eta biltzarraren erabakien azken txostena idazterakoan oinarri izan zen Madrileko federazioaren proposamena aztertuko dugu "orokorrak" sailean bildutakoekin amaitzeko. Madrileko federazioaren idazkiaren aurreneko atalean PSOEren izaera ideologikoaren zertzelada nagusiak berresten dira: marxismo ezkertiarrena, klase borroka zein klase alderdi nortasuna besteak beste eta testuinguru politikoaren aurrean aldarrikatzen du "gizartearen eraldaketa iraultzailea dela irtenbide bakarra". Xede hau garaile izan dadin krisia areagotzeko mobilizazioek izango dute lehentasuna. "Haustura demokratikoaren" edukinen baliogarritasuna berresten du, are gehiago, edozein elkarlan edo negoziaziorako ezinbesteko baldintza jarriko du. PSOErekin aritu nahi duten oposozioko taldeei eskatzen zaie "Estatu espainiarreko herri desberdinen behar politikoak errepetatzea", eta "haustura demokratikoa ematen denean" alderdiak hitza hartzen du: "Estatu barruko nazionalitate zein lurraldeen izana onartuz, autodeterminazio eskubidea babesten dugu, haren egituraketarako irtenbide federala mahaigainetzen dugularik.".
Honaino "orokorra" atalean federazioek aukeztu proposamen desberdinak. Nazionalitateen ingurukoan azaltzen direnak soka berekoak dira, eta nahi bada are zehatzagoak oraindik. Bruselako federazioaren idazki laburrak "nazionalitateen inguruan" PSOEk XIII. biltzarrean hartutako erabakiak berrestea proposatzen du. Burgoseko federazioak Estatu barruko herri desberdinen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du eta honen baitan kokatzen du "independentzia eskubidearen" aitorpena.
Ukitu klasistagoa du Gipuzkoako federazioaren proposamenak. Hauen ustez "nazionalitateen zapalkuntza klase zapalkuntzaren" beste atal bat da eta "borrokan diharduten herri desberdinen batasun taktikoaren" beharra azpimarratuko du. Bi oinarri hauetatik ondorioztatzen den proposamenak beste ardatz pare bat ditu: "nazionalitate bakoitzean epealdi konstituziogilea zabaltzea", eta "autodeterminazio eskubidea bermatuko duten autonomi estatutuen" osaketa. Epealdi konstituziogilearen inguruko zehaztasun haundiegirik ez badugu ere, argi dago Gipuzkoako sozialistek bere egiten duten nazio zapalkuntzaren aurkako klase borrokan gutxieneko aurrerapenak erdiesteko ez dela aski autodeterminazio eskubidea onartzearekin, aipatu eskubideen "bermea" eskatzen baitute.
PSOEk Estatuaren lurralde antolaketaren inguruan izan duen jarrera historikoaren azterketa kritikoan murgiltzen da Huelvako federazioaren idazkia. Gogora ekarriko du Internazional Sozialistaren IV. biltzarraren ondotik herrien autodeterminazio eskubidea jasotzen zuen erabakia hartu zuela PSOEk 1896ko biltzarrean eta 1918an "Nazionalitate Federatuen Errepublika" mahaigaineratzen zuen ebazpena kaleratu zuela (1960an berretsia...), baina estatutu edo paper arteko erabaki hauek alderdiaren iharduera politikoarekinn alderatzerakoan PSOEk aipatu oinarrien garapen "eskasa" eta klase borrokaren "irakurketa ziztrina" gauzatu duela kritikatzen dute andaluzek. Izan ere lanaren aurreko ataletan ikusi dugunaren arabera PSOEk oso maiz erabili du historian zehar "klase borrokaren batasunaren" zioa Estatu barruko herrien izana ukatzeko edo izana onartu baina burujabetza zanpatzeko, beti Estatuaren antolaketa bakar eta zentralistaren mesedetan. Denboran luze iraun duen lerro politiko okerrarekin alderatuz, 1972tik aurrera Alderdi Sozialistak Estatu barruko herrien autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena bere egin zuenetik jorratuko duen diskurtsoa txalotzen du Huelvako federazioak. Hala eta guztiz ere, itzalak oraindik egon badaude, bereziki azken hilabetetan PSOEk landutako norabide argirik gabeko diskurtso neurtuak eragindakoak, eta beharbada horregatik Huelvako federazioa bereziki kezkatuta azaltzen da alderdikideen artean XIII. biltzarreko erabakiak bere osotasunean onartzen ez diren susmo txarra azaleratuz. Autodeterminazio eskubide demokratikoa aintzat harturik, Estatu Federala dakusa Huelvako federazioak etorkizunerako eta idei hori garatzen duten lerro orokorrak aipatzen ditu jarraian: lurralde egituraketatik abiatu estatu federala eraikitzeko, erakundeen erabateko autonomia, administrazio desberdinen erantzunkizunen berrikuspena, arlo fiskala, Estatuaren epaile papera antolaketa federalaren baitan etab.
Penintsularen hegoaldetik ere, Sevillako federazioaren txostenak oso oso antzeko norabidean izango du haizeorratza, atzekoz aurrera adierazia baina. Konstituzio batek arautuko duen "Errepublika Federala" izango da proposamenaren azken emaitza. Eta hau bideratzeko, "haustura demokratikoa" lehenengo, hau eman eta gero "lurralde autonomo egitura izan nahi dutenei autodeterminazio eskubidea onartzea" da hurrengo urratsa. Horiek funtsezko helburuak zein oinarriak, tartean autonomien antolaketari buruzko beste irizpideak ere zerrendatzen ditu: eskumenen banaketa hiru sailetan (Estatuarenak, autonomiarenak eta bai batarena bai bestearenak direnak), Estatuaren Kontu Epaimahaia eta Auzitegi Konstituzionala.
Bizkaiko federazioak "autodeterminazioa estatututan bermatu behar dela" adieraziz ia hitzez hitz berresten ditu Gipuzkoakoak botatako proposamenak eta Zürich ekoak berriz, Burgosekoen pare jarriko da, hots, autodeterminazio eskubidearen onarpena eskatu eta "muturreko kasuan independentzia" onartzeko asmoa azaltzen du. Hori bai, ponentzia gehienetan bezala, Zürichekoak ere estatu federalaren alde egingo du, zehatzago, "Errepublika Iberikoa, non lusitarrak txertatuko diren". Beraz, Zürichekoen norabide bikoitzeko lojikan Estatu barruko herrien independentzia aukera errespetatzeak ez du kontraesanik Estatu Federalarekin, Portugalen independentzia ere ez da horren oztopo estatu antolaketa federalak autodeterminazioaren eskubide demokratikoa oinarri duelako.
Azkenik, Mexikoko federazioak osatu proposamena izango dugu aipagai. Honek ez du hitzez hitz autodeterminazio eskubidearen onarpena aipatzen, baina erabiltzen dituen kontzeptuen mamiak, proposamenaren testuinguru osoak zein PSOEren ordura arteko erabakiekin (XIII. biltzarra...) inongo aurkakotasunik ez agertzeak Estatu barruko herrien sujeto politikoen onarpen norabidean kokatzen dute. Mexikoko federazioarentzat "Espainia nazioen nazio" da eta "Espainiako herrien federazioa" arautuko duen konstituzioak aintzat hartuko du: "antolaketen eskubide berdintasuna, euren gaiak kudeatzeko eskubide eta beharra zein nazionalitate guztien onarpena". "Portugaleko herriak ere ateak zabalik izango ditu" federazio berrian sartzeko. Alderdia egituraketa berrira moldatzeko "portugaldarrekin batera Batasun sozialista Iberikoa" osatzea proposatzen du. Estatu espainiarreko "nazio", "herri" zein "nazionalitate guztien" aitorpena da txostenaren oinarria eta asmoa, berriz, Estatu Federala osatzea "herri portugaldarrarekin" batera. Autodeterminazio eskubidea zehazki aipatu ez arren, ez dago arrastorik somatzeko "herri portugaldarra" adinako "herri" edo "nazio" ez direla Penintsula Iberikoko beste batzuk.
3-b-2. PSOEren alternatiba: herrien autodeterminazioa eta iraultza sozialista.
PSOEren XXVII. biltzarreko eztabaidak hautsak harrotu zituen, ez zen gutxiagorako. Erregimenak moldaketa egitasmoa abian jarria zuen, Alderdi Sozialistaren lerro politikoaren bilakaera nabarmena zen eta biltzarreko gakoa zera zen, epe laburrean zabalduko zen ekimen kostituziogilearen aurrean irizpideak finkatzea, estatuaren antolaketaren irizpideak izango zirenak, bizitza publikoaren antolaketarenak, hots, lerro politikoa huts hutsean eta Estatuaren egituraketa berria sortzeko zen une historikoaren bezperan. Eztabaida, liskar eta beroaldi guztien ondotik, PSOEren XXVII. biltzarreko erabakiak biltzen dituen azken txosten-liburuak (73) argi uzten du autodeterminazioaren oinarri demokratikoa onartzen duen PSOEren alde marxistaren erabateko garaipen harroa. Nahi bada funtsean XIII. biltzarreko lerro politikoaren jarraipena, baina testuinguru politiko oso berezian.
"Erabakiak errealitateak eskatzen duen bezain arrazoituak izan dira, alderdiaren oinarriek eskatzen duten bezain erradikalak". Hitz hauek zuzendu zizkien Felipe Gonzalezek, biltzarrean aukeratutako PSOEren idazkari orokorrak, militanteei amaiera ekitaldian. Une historiko hartan alderdiak erakutsitako "zentzuzko" jarrerak indar gehiago ematen die oinarri demokratikoei, gutxien gutxieneko abiapuntutzat hartuak baitira. Hitzaldi berean Gonzalezek azpimarratu zuen ekaineko hauteskundeak oso garrantzitsuak izango zirela "haustura demokratiko gardena" aurreratzeko eta prozesuaren garapen negoziatuan ezinbestekoa jotzen du "nazionalitateen eskakizunak haintzat hartzea,(...) eta frankismoaren aztarna autokratiko guztiak ezabatzea". Edonola ere, PSOEren idazkari orokorrak argituko du aipatu edukin guztiak konstituzio batean jasotzen direnean erdietsiko dela haustura demokratikoa, hots, "hauteskundeak deitze hutsarekin" ez dela aski. Ingurukoak garrantzia izanda ere, edukinetan omen gakoa.
Askatasun demokratikoen oinarri berari atxekiz laburbildu nahi izan zituen Gonzalezek Estatuaren lurralde antolaketaren inguruan hartutako erabakiak. "Gure bokazio demokratikoak -zioen hitzez hitz-, edozein zapalkuntza erari aurre eginez, Estatuaren Egituraketa federala gauzatzera eraman gaitu". Herrien arteko zapalkuntzarik ez, oinarri demokratikoa behar zuen izan Estatu federalak eta horregatik herri desberdinen borondate askeak (autodeterminazio eskubidearen onarpenetik abiatuta) baino ezin zuen josi Estatuaren egitura.
Dena den ikus dezagun zertan geratu ziren zehatz mehatz XXVII. biltzarreko eztabaidak. Ebazpen politikoak finkatzen du haustura demokratikoa "herriari burujabetza aitortzean borobilduko den prozesu arrazional eta baketsua" izango dela. PSOEk gogor salatuko du "klase zapaltzailearen interesak babestu nahi dituen erregimenaren alternatiba erreformista", eta honen aurrean XXVII. biltzarrak berriro ere finkatuko du haustura demokratikoaren esanahia: "askatasun guztien lorpena (politikoak zein sindikalak), erregimen frankistan sortutako erakunde guztien deuseztapena (Erreinuko Kontseilua, mugimenduaren aparatua, sindikatu bertikala etab), indar errepresiboen desegitea eta Estatua osatzen duten lurralde zein pais (74) guztien egituraketa juridikoa". Orain arte sozialistek Estatu Espainiarraren barruan nazioak, nazionalitateak eta lurraldeak zeudela onartzen zuten, orain "pais" hitza erabiliko dute, egokitu nahi dioten egituraketa juridikoaren garrantzia azpimarratzera dator gehienetan estatu-nazioak izendatzeko erabiltzen den kontzeptu hau. Izan ere, Estatuko "pais" delakoak nazioarteko "pais"en pare jartzen ditu, baina honek XXVII. biltzarrean onartutako ebazpenekin kontraesanean sartu beharrean, bat egiten du bete betean nazionalitate eta lurraldeen autodeterminazio eskubidean oinarrituko den epe konstituziogilearen garapenarekin, azken batean Estatu barruko herriei aitortzen zaielako erabateko burujabetasuna antolaketa politiko-instituzionala eraikitzeko, PSOEren proposamen federala hori askatasunez aukeran legokeen bideetako bat baino ez delarik.
Biltzarreko ebazpen politikoa garrantzitsua izanda ere, "Nazionalitateak" izeneko atal berezi batek jasotzen du Estatuaren lurralde antolaketaren inguruan PSOEk onartu iritzi ofiziala. Ofiziala bi zentzutan, biltzarreko erabakia delako, eta gai hori zehazki duelako ardatz. Honi jarraiki ikus dezakegu XXVII. biltzarreko PSOEk onartzen duela Estatuaren "nazio anitzen errealitate nabarmena", ez dagoela beraz nazio bakarra, bat baino gehiago baizik. "Nazionalitateen zapalkuntzak klase borrokarekin duen harremanaz" jabetuta, Alderdi Sozialistak askatasun ororen aldeko apustu garbia egingo du "langileria nazionalitate zapalduen askatasunaren aldeko borrokan aitzindari" izan dadin konpromezua hartuz. Marxismoa oinarri dutela esan ohi den zenbait adarrek historikoki sustengatutako klase borrokaren irakurketa inperialistazalea eta nazio zapaltzailetik erabat aldenduko da PSOE. Alderdiaren jarrera "ez dago internazionalismoarekin kontraesanean", ohartaraziko dute lehenengo eta gero berretsi nazioen askatasunaren aldeko borroka lehentasuna dela, "berandutu inolaz ere ez". Hortaz, alderdiaren oinarri ideologikoen proposamen argia: "nazionalitate eta lurralde guztien autodeterminazio askea aldarrikatuko dugu". Autodeterminazioa izateaz gain, askea, hori bai dela gauzak argi utzi nahi izatea.
Kokapen orokorraren ondotik PSOEren biltzarrak Estatuaren antolaketa federalaren nondik norakoak aipatzen ditu. "Estatu espainiarreko herriek" osatuko dute egituraren oinarria eta zuzenbide araudi gorena izango den "konstituzioak autodeterminazio eskubidea bermatuko du". Ez onartu bakarrik, bermatu ere bai. Estatuko herri desberdinetan autonomi estatukoak jarriko dira indarrean baina "konstituzioa eta autodeterminazio eskubidetik" ondoriozta litekeena baldintzatu gabe. Hots, burujabetasunaren oinarria izaki, herrien autodeterminazio eskubidea izango dela ororen gainetik, bai konstituzioaren gainetik, bai estatutuen gainetik.
Autodeterminazio eskubideak zabaltzen dituen askatasun aukeren artean PSOEren XXVII. biltzarrak bide federala du begikoen eta irizpide orokorrak zehazten ditu: egitura federalak izango duela nazioarteko harremanen erantzunkizuna, legebiltzar federala osatuko litzateke eta udal erakundeak indartu, legebiltzar federalak lurralde desorekak gainditzeko bideak jarri beharko lituzke, eskumen desberdinak eta zergen bilketa arautu beharko litzateke etab.
Egituraketa federalaren garapenaren irizpideak irizpide, oinarrien araberako lehentasunek aurreneko lekuan kokatzen duen Estatu barruko herrien autodeterminazio eskubidearekiko konpromezu gardenak islada zuzena izango du biltzar honek beste zenbait arlotan hartzen dituen erabakitan. Berriro ere ezkerreko diskurtsotik nazio zapalkuntzaren alde egiten dutenak gogoratuz antza, PSOEren biltzarrak zehaztapen esanguratsua erantsiko du "Autonomi, nazionalitate eta lurraldeen oinarri ekonomiko-finantzieroak" atalean ohartaraziz "eskubideen ukapenak elkartasuna arriskuan jartzen duela". Beraz, hankaz gora uzten du balizko klase batasuna nazioen eskubideen gainetik jartzen dutenen leloa, PSOEko militanteek ulertu zutelako nonbait, elkartasunak aske behar duela izan, hots, ez zegoela zapalkuntzapeko elkartasunik. Horri esklabutza deitzea zuzenagoa.
Filosofia beraren arrastoa aurkitzen dugu "Bilakaera sozialismorantz" atalean. Eredu ekonomiko berriaren eraikuntzan PSOErentzat oso garrantzitsuak ziren "plangitza ekonomikoen" zehaztapenean "autonomiek eta estatuak askatasunez ezarriko dituzte euren helburuak", gero balizko hitzarmenen jarraipena legebiltzar federalaren esku utziz. Nekazal politikan antzera, "nazionalitate bakoitzak" bideratuko du eta lehentasuna ematen diote "Estatu espainiarreko pais guztitan" bultzatu behar diren kooperatibei. Berriro "pais" dugu. Estatuaren lurralde osotasunaren kezka mina (integridad territorial gazteleraz) berriz, nazioarteko atalean baino ez da azalduko, eta hor EEBB base militarrak deuseztatu eta Gibraltar eskuratzeko konpromezua agertzen du Alderdi Sozialistak. Nazioarteko saila amaitu aurretik PSOEren aitorpena: "Espainia demokratikoak zapalkuntza kolonialaren aurka oldartzen diren herriei elkartasuna adieraziko die". Estatuko herrien askatasunaren aitzindaritza bultzatuz hasi ponentzia, atzerrikoen aldeko elkartasun deia luzatuz amaitzeko.
Eztabaida luzeen pasioz PSOEren aurreko hilabetetako lerro lainotsua atzean utzita, Estatu espainiarreko "nazionalitate", "herri", "pais", "lurralde" zein "nazioen" autodeterminazio eskubidearen aldeko konpromezu tinkoa hartu zuen Alderdi Sozialistaren XXVII. biltzarrak amaiera ezin harroagoa izan zuen. Berrogei urteko diktaduraren ondotik, inboluzio meatxuaren testuinguruan (alderdi barruan ere haizetaratua), oraindik legeztatu gabeko PSOE haren biltzarraren amaieran militante sozialisten itxaropen-pozak goratutako borroka-grinak goia jo zuen.
PSOEren XXVII. biltzarraren amaiera ekitaldiari hasiera eman zitzaionean Meliá Castilla konresu areatoa lepo eginda zegoen: biltzarreko ordezkariak, eztabaiden ikusle izan ziren kide sozialistak, beste talde batzutako zein nazioarteko gonbidatuak etab. Halako batean segurtasun zerbitzukoek bandera errepublikarra zabaldu eta areto osoan zehar ibili zuten, aretoan bildutako kide sozialistek "Espainia bihar errepublikarra izango da" (75) ohiu-burrunban eztarriak urtzen zituztelarik. Kongresisten desafio jarrera harroan aldean berriz, Willy Brandt Internazional Sozialistako buru zenak aurpegi erabat desitxuratuarekin zekusan oholtzatik aretoko giro goria. Eta arrazoirik ez zuen falta, militante sozialistek sakonki zuzendu baitzuten PSOEren buruzagitzak ezarri nahi izan zuen politika epela eta borobiltzeko, tori txilio errapublikazalea!. Baina benetako estualdia eta amorru ozpindua Enrique Mugikak bizitu zuena. Lehendik ere XXVII. biltzarreko ildo politiko gorriak Mugikari nahiko atsekabe sortzen ziolarik, buruzagi sozialista Israelgo alderdi laboristako gonbidatuarekin batera biltzarreko aretoan sartu orduko kongresistek "Palestinak irabaziko du!" (76) leloa ohikatzen hasi ziren gero eta indar biziagoz gela osoa dardar batean jarri zen arte. Ez zeuden ez militante sozialistek txantxetarako gero!. Hain zeuden bazterrak bero ezen biltzarrean hartutako erabakiekiko konpromezu tinkoa edozein zirrikitutik azaleratzen zen behin eta berriro. Jada mintegia amaitutzat emanda Meliá Castilla aretoan bildutakoek txaloka ari zirenean, segurtasun zerbitzukoek ikurrin erraldoi bat zabaldu zuten eta biltzar amaierako txaloak zaparrada burrunbatsuan bihurtu ziren. Den dena borobiltzeko, biltzarreko presidentzian zeuden buruzagi sozialistek autodeterminazioaren aldeko pankarta zabaldu eta eskenatokiaren aurrean paratu ziren azken agurra emateko.
3-c. Herrien burujabetza, famili sozialistaren
oinarri demokratiko orokorra
![]() |